deabruakteilatuetan
1973 - Disko berria

1973

Berriako Matrakan ateratako elkarrizketa / 071114

"Ez dugu amore eman, eta taldea biziberritu dugu"

Hitza bete dute, eta bederatzi bat urte pasa ondoren, bueltan da Deabruak Teilatuetan tolosako taldea, ˜1973" disko berriarekin.
Deabruak beti deabru. 1998an gero arte esan zuten Deabruak guarda diskoarekin Tolosako teilatu zaleek. Baina, azkenean, 2007a aukeratu dute itzultzeko, eta 1973 diskoa plazaratu dute. Aritz, Joni, Imanol eta Iñigok deabru izaera gorde dute, urteek ematen duten esperientziarekin.

1 Deabruek teilatuetara itzuli behar zuten goizago edo beranduago, ezta?
Imanol:
Guk beti barruan eraman dugu hori. Etenaldia iritsi zenean, une gozoan geunden. Itxaroten jakin behar dela ikasi dugu. Azken hilabeteotan biltzeko aukera izan dugu eta itzuli egin gara.

2 Ikasketa eta lanak behartu zuten taldea gelditzera. Buelta, aldiz, zerk bultzatu du?
Aritz:
Ikasketa eta lan kontuengatik banandu ginen. Entseatzen ez den talde batek nekez egin dezake aurrera. Orain, ordea, maiz elkartzeko aukera dugu. 1973 azken hilabeteotako entseguen emaitza da.

3. Ubeda anaiak urte hauetan beste proiektu batzuetan ibili zarete: Bide Ertzean, Peiremans ... Orain Deabruak Teilatuetan (DT)da lehentasuna?
Joni:
Bide Ertzean-ekin oraindik asko dugu egiteko. Non dira diskoaren oihartzunarekin pozik gaude. Pentsa, oraindik hainbat jaialdi eskaini behar ditugu. Baina musikaz aparte, beste hainbat zeregin baditugu. 2008a bereziki DT taldearen urtea izango da ubedatarrontzat. Aupa Peiremans ! (and the Colemans - !).

1973: Vietnamgo gerraren amaiera, Watergate kasua, frankismoaren gainbehera, musika estilo berrien etorrera... Zer adierazi nahi duzue izenburuarekin?
A.:
Gu laurak urte horretan jaio ginen. Baina kontuz! Ez dugu belaunaldi baten ordezkari izateko asmorik! Galderan aipatutako kontuez mintzo gara, baina zeharka, baita gure taldeaz ere. «Bidegabekeriak ugari dira, baina amore emateko ez ginen jaio», dio abestiak. Zailtasunak izan genituen duela 10 urte, baina ez dugu amore eman eta taldea biziberritzeko aukera izan dugu.

5 Diskoan erraz antzematen da ez zaretela lehengo musikari berberak. Zer aldatu da denbora honetan?
I.:
Hamar urte ez dira alferrik pasatu. Musika entzuten eta musika egiten jarraitu dugu. Hori guztia era batean edo bestean metatzen joan dela sinetsi nahi nuke. Orain gehiago menderatzen dugu kantu egilearen ofizioa, grabazio prozesuaâ€∫ baina oraindik asko dugu ikasteko.

6 Heldutasun musikala dute hamaika kantu berriek. Nola definitzen duzue konposatutakoa?
J.:
Eragin berrietara zabalik gaude, lehen eta orain; baina enbor beraren hostoak dira kantu hauek. Zaila egiten zaigu gure lana definitzea. DTren diskoen osagaiak ditu. Estilo aldetik oparoa da, baita hitzetan ere: badira ukitu lirikoa dutenak, ironikoak, salaketazkoak, amorruzkoak...

7 Erraz entzuten da 1973. Hori lortu nahi zenuten?
J.:
Guk lan duina egin nahi genuen. Koherentziaz jositako kantuak bildu eta estudioan zelofanarekin apaindu. Lortu dugun edo ez, entzuleek esan beharko dute.

8 Orain arteko ekoizpenik garbiena lortu du Kaki Arkarazok Garate estudioetan. Zuek gustura?
I.:
Soinu aldetik, egin dugun diskorik onena da, zalantzarik gabe. Ozen esateko moduan gaude: «Kaki, oso ondo! Bikainetik gertu!». Guretzat, funtsezkoa zen berarekin lan egitea. Eta emaitzak arrazoia eman digu.

9 Aritz, zuretzat eta Iñigorentzat nolako esperientzia izan da berriro ere estudioan sartzea?
A.:
Lagun talde batek oporretara egiten duen bidaiaren parekoa izan da. Atsegina izan da Kakirekin berriz topo egitea, eta ederra gure kantuak hazten ikustea. Gainera, tarteka bisitak izan ditugu eta primeran pasa dugu.

10 Bonberenea Ekintzak zigiluarekin kaleratu duzue lana. Aukerarik egokiena?
A.:
Oso argi genuen, zer edo zer argitaratzekotan, Bonberenearekin egingo genuela. Han entseatu gara eta gertukoa sentitzen dugu hango jendilajea.

11 Jarraitzeko itzuli zarete?
J.:
Hori da asmoa. Zuzenean jotzeko irrikan gaude, baina logistika kontuak direla medio, neurtu egin beharko ditugu indarrak. Lehen laurak Tolosako auzo berean bizi ginen. Orain, bat bera ere ez da Tolosan bizi. Beraz, neurrian, baina aurrera beti!

12 90eko hamarkadaren euskal revival-aren erdian (Etsaiak, Piperrak, Latzen, Kashbad...), zuek gero arte esan, eta hitza bete duzue, itzulita.
A.:
Argi genuen bueltatzekotan 2007ko deabruak bueltatuko zirela. Ez genuen duela 10 urteko errepertorioarekin itzuli nahi. Harro gaude aurreko diskoekin, baina ez dugu iraganaren bizkar bizi nahi. Oraindik asko dugu esateko, eta horregatik itzuli gara lan berriarekin. Dena den, zuzenekoetan diskografia osoa errepasatuko dugu.

13 Zergatik uste duzue garai bateko talde handiak ez direla ateratzen edo ez dutela irauten?
J.:
Auskalo! Dena den, zer da talde handia izatea? Jende asko eramatea? Disko asko saltzea? Akaso erabiltzen dugun neurgailua da problema. Hain ezagunak ez diren talde asko Berri Txarrak, Kashbad eta Kuraia bezain handiak dira guretzat.

14 Abenduaren 29an emango duzue lehen kontzertua, Bonberenean. Bira emankor baten hasiera?
A.:
Hori da gure asmoa. Bonberenea etxearen lana aldarrikatzeko baliatuko dugu jaialdia. Gero izango dira gehiago. Dei asko jaso ditugu. Denei ehun mila esker. Ea udaberritik aurrera toki denetara iristen garen.