deabruakteilatuetan
1973 - Disko berria

1973

Larrepetit-Berria :: Castillo Suarez, "Happening"
Urtero, Durangoko Azoka egin baino lehen, azoka egunetan, eta ondoren ere, antzeko gaiak plazaratzen dira, antzeko galderak egiten dira, hona: ea saltzen den ala ez; ea lehen baino jende gehiago ala gutxiago joaten den; zer saltzen den; zer saldu beharko liratekeen; ea urtean zehar jendeak euskarazko produktuak erosten dituen edo bakarrik Durangoko Azokan; irakurtzen diren, ala ez, erosten diren liburuak...

Nolanahi ere, eta irizpide komertzialez haratago, Durangoko Azoka happening bat da, ludikoagoa batzuendako, besteendako lanari oso lotua, baina, finean, gertakari sozial bat.

Harkaitz Canori entzun nion behin harendako bazirela pertsona batzuk azokan bakarrik ikusten zituenak, eta beraz, Durangon bakarrik existitzen direnak. Eta badira gauza batzuk ezin izaten direnak bizi ez herriko liburu denda txikian edo hiriburuko megadendan.

Birikak txikitu egin zaizkizula sentitzea Jose Luis Otamendik Erlojuaren mekanika liburuko poemak irakurtzen dituen bitartean. Nerabe baten gisara lotsatzea ubedatar batek Deabruak Teilatuetan taldearen 1973 diskoa oparitu dizunean, eta eskutan izatea ez duzulako poltsan gorde nahi.

Hori ere bada Durangoko Azoka. Hori da niretako. Durangon bakarrik ikusten dituzun horiekin elkartzea, eta bizitako une atsegin zenbait gordetzea, haien beharra izanen dugunerako. Izanen dugulako, seguru asko, haien beharra.