deabruakteilatuetan
1973 - Disko berria

1973

Artikulua Galtzaundi aldizkarian / 071026
Oso gogoan daukat Garate estudioetara igotzeko une hura, 2007ko udaberrian. Ez ohikoa zelako. Musika egitera Karlos Aranzegi adiskide, taldekide eta herrikidearekin batera makina bat bider igo gara hirurak Sorabillatik gora dagoen estudiora. Ez zen kasua, esan bezala, ez ohikoa zen egoera. Gidari lanetan nengoen eta alboan Imanol anaia eta leihotik gertuen Iñigo. Musika aparailuan CD bat sartu zuen anaiak, "ideia hauxe daukat kantu baterako" zioen bitartean. Ideia baino gehiago kantu bat zen bere osotasunean. Goitik beherakoa. Behin eta berriz kantuaren abiapuntua izan zen une hura eta baita diskoari bultzada eman genion eguna ere bai. Geroztik etenik ez du izan gure artean kantuak sortu eta prestatzeko hartutako lanak.

Denboran atzerago egin beharra dago diskoaren benetako hasiera kokatze aldera. Orain zenbait urte, gaueko ordu txikietan Aritzek, Imanolek, Iñigok eta laurok elkarrekin bukatu genuen Tolosako Euskal Herri plazako pub batean. Oharkabean gertatu zen, ez bereziki ordu txikietan ibiltzea baizik eta laurak bakarrik geratzea. Baina gainerako lagun guztiek uste baino lehen alde egin eta Aritzek eta Imanolek ohikoa baino gehiago luzatu zuten gaua. Esan gabe doa nortzuk duten ordu txikietan ibiltzeko erraztasuna.

Adiskidantza handiaz gain, batzen gaituena agerikoa denez, taldeaz jardun ginen hizketan. Eta lauron aldetik noizbait kantu berriak egiteko asmoa agertu zen. Gogoan dut asmo horri erantsi genion borondatea: kantu horiek noizbait argitaratzeko unea iritsiko balitz, Bonberenea Ekintzak ekimenaren bidez egingo genukeela.

Ez genuen entseatzeko hitzordurik ipini, ez genuen kantu edo ideia berriak trukatzeko aukera zabaldu… baina bideari berrekiteko bihotzarekin egindako aitortza izan zen. Egunak, asteak eta hilabeteak igaro ziren geroztik. Bi urte bai, bederen. Tartean anaiak eta biok non dira diskoa prestatu genuelako Bide Ertzean taldearekin. Bada gau horretan kokatzen dut nik diskoaren benetako hasiera.

2007a eten luze baten amaiera izan da. Itzuli baino bideari berriro ekin diogula esatea zuzenagoa dela deritzogu. Ez dugulako taldea inoiz utzi. Aukera sortu eta baldintza egokiak izan arte ez gara berriro martxan jarri, misterio handiegirik ez dago.

Gaur eta hemen Deabruak Teilauetan taldearen bereizgarri den musikarekin topo egingo du entzuleak 1973 izeneko disko berrian. Izorrai, 5.000, Abiadura Handiko gezurrak, Ni zain geratuko naiz… aurreko diskoetan argitara zitezkeen lasai asko. Badago taldearen estiloa zabaldu eta aberasten duen sorta berria: Esaidan, Ez baletor inor, Behin eta berriz…

Estiloak estilo, joerak joera diskoari osotasuna eta taldeari jarraipenaren kutsua ematen dion elementua betikoa da. Hori ez da aldatu, lehengo hura bera da. Aritzen ahotsaz ari naiz. Ulertuko didate zaletuek, marka utzi zuelako haien guztien memoriaren mapan.

1973
Lau zenbaki, urte bat: batzen gaituena. Horixe da 1973. Urte horretan jaio ginenak askatasuna gauez margotu behar zeneko belaunaldikoak gara, yonkiak eskaratzean hilik agertzen zirenekoa. Krisi garaia, punk rock doinuak… bizi-bizi aritu ginen teenager garai haietan. Lemoizko martxa hura, antimilitarismoa, zezenketen aurkako mugimendua… Amore emateko ez ginen jaio.
Ezta zilborrari begira egoteko edota autosatisfakzioan erortzeko ere ez. Aldarte honetan aproposa da Imanol anaiak Bizirik kanturako idatzitako pasartea aipatzea: "Dena da ilun orain, inor ez dago lasai, itzalak daude nonahi, giroa beltza da bai. Ez gara ezer eta zer, ezin eman amore, izan ere oraindik bizirik gaude". Bonberenea, giza mugimenduak, memoria historikoa… Amore emateko ez gara jaio.

Udazkena bete-betean dagoela argitara emango da hamaika kantuz osaturiko diskoa. Eta, oraingoz, zuzeneko bakarra. Hain zuzen, Tolosako Bonberenean eskainiko duguna. Gure etxea ere bada, entseguak egin eta diskoa bideratzeko baliatu duguna. Abenduaren 29an izango da eta denontzat festa modukoa izatea nahiko genuke.

Guk, entseguetan egin bezala, kantu berriekin gozatuko dugu. Zuzenak, biziak direlako… horregatik grabatu ditugu. Entzule asko iraganeko kantuak entzuteko irrikaz izango da. Ulertzekoa da, eta izango dute aurreko diskoetako kantu sorta ederra entzuteko aukera. Atzoko eta gaurko Deabruak Teilatuetan, biak ala biak gustukoa izatea nahiko genuke.

Geroak zer ekarriko duen ikustear dago. Zuzeneko gehiago emateko gogoz izango gara, noski. Baina horretarako aukera egokiak aurkitu behar ditugu lau taldekideon artean. Lehen lauak Tolosan bizi ginen, auzune berean. Orain, bakoitza herri batean bizi gara eta bat beraz ere ez Tolosan. Marka da gero.