deabruakteilatuetan
1973 - Disko berria

1973

Berriak eman zuen lehen albistea / 070830

Infernutik teilatuetara berriro

Deabruak Teilatuetan taldeak diskoa kaleratu eta kontzertuei ekingo die bederatzi urteren ondoren.

Beñat zamalloa / Bergara

Deabruak Teilatuetan musika taldeak urtarrilean ekin zion berriz ibilbideari. Entseatzeko elkartu, abesti zaharrak gogoratuz eta abesti berriak sortuz «ondo pasatu», eta jadanik grabatu dute 1973 izenburupean urria edo azaroan kaleratuko duten diskoa. Diskoa kaleratzeaz gainera, lehen kontzertua eskainiko dute, abenduaren 29an, Bonberenean. «Kontzertuei dagokienez, besterik ez dugu lotu, eta ez gara arduratu lotzeaz ere. Datorren urtean laurok elkartuko gara, agendak begiratuko ditugu, eta kontzertuak egiteko zein egunetan ahal dugun begiratuko dugu», azaldu du Aritz Mendietak, taldeko abeslariak. Izan ere, taldearentzat musika garrantzitsua izan bada, eta bada ere, ez da lehentasunezko gaia.

«Ez gara banandu, guk ez dugu esan inoiz utzi egin behar dugunik. 1998an, ikasketengatik ikusi genuen ezin genuela entseatu eta elkartzeko aukera gutxi izango genuela, eta horregatik stand by egoeran egon gara», dio Mendietak. Iñigo Arruti bateria jotzailea hurbiltzean eta taldekideak lasaiago zebiltzala ikustean, entseatzeko denbora ikusi zuten. «Egun batean gelditu ginen abesti zaharrak jotzeko, ondo pasatu genuen eta gero, ideia berriekin hasi ginen eta horrela sortu ziren kanta berriak. Naturala izan da dena».

Lehengo talde bera elkartu da berriz ere: Iñigo Arruti baterian, Jon Ander Ubeda baxuan, Imanol Ubeda gitarran eta Aritz Mendieta ahotsean. «Ikusi genuenean ezingo ginela elkartu, burutik pasatu zitzaigun ezin etorri zenaren musika tresna jotzeko ordezko bat hartzea. Ez dauka logikarik ordezkorik hartzeak, ordea. Koadrilakoak gara, lagunak gara, eta guk horrela ulertzen dugu taldea: lagun talde gisa eta koadrila gisa. Deabruak Teilatuetan gu laurok eta atzetik dugun koadrila guztia gara».

Bonberenean eta Anoetako gaztetxean aritu dira entseatzen. Berriz ere entseatzen hastea «oso dibetigarria» izan da, eta une batzuetan «hunkigarria» ere bai.

 

LEHENGOA, ORAINGOA ETA BERA. «Ezaugarri komun asko ditu aurreko taldearekin, pertsona berak garelako, baina pertsona berak gara hamar urte pasatu ondoren». Hamar urte horietan gauzak aldatu egin direla iruditzen zaio Mendietak. «Heldutasun puntu batera iritsi gara. Gauzak ikusteko ikuspegia aldatu egin zaigu. Desberdina da 20 urteko mutil batek duen pentsamendua, edo 30 urteko batek duena. 20 urterekin munduko erregea zarela pentsatzen duzu, eta 30ekin beste talaia bat dugu behatoki».

Atzera begiratuz gero, lehenengo diskoa, «oso freskoa» izan zela pentsatzen du. «Iruditzen zait gauza asko erakutsi genituela disko horretan. Lotsagabekeria ere antzematen da. Orain, entzuterakoan, 'orain beste era batera egingo nuke' pentsatzen dut».

Arian-arian, ikasi ere egin zuten, eta lehenago zuten «tolesgabetasuna» galdu dute neurri batean. «Oraindik badugu tolesgabetasun apur bat, baina orain, gehixeago ezagutzen dugu musikaren mundua».

Gaietan, «ukitu aldarrikatzaile ironikoari» eutsi diote itzulikoan, eta abesti «erromantikoak» sortu dituzte disko honetarako ere. «Diskoa entzuten duena gauza askorekin harrituta geldituko da, baina beste gauza askorekin ez. Lehengo ukitu batzuk gorde egin ditugu, eta ukitu horiengatik ezagutuko gaituzte lehengo jarraitzaileek».

 

'1973', SORTU ZIREN URTE HURA. Kaleratuko den diskoan 1973 izeneko abesti bat izango da. Abesti horren izen bera du diskoak. «Jaio ginenetik, 1973tik, egun arteko bilakaeraz hitz egiten du abestiak. Frankismoaren ondorengo haurrak izan ginen eta krisi industriala bizi izan genuen, besteak beste. Abesti horretan esaten da amore emateko ez ginela jaio, eta hainbeste urteren ondoren ere ez dugula amore emango».

Ez da gizarteko gaiak lantzen dituen bakarra, gainontzeko hamar abestietan bada besterik. «Euskal Herriko egoerak arraroa izaten jarraitzen du. Guk badakigu ez dugula ezer aldatuko, eta ez garela inoren eta ezeren profetak izango. Guk laurok, gure hitzarekin eta musikarekin, ditugun kezkak azaltzen ditugu». Abiadura Handiko Trena, hipotekak eta pobrezia dira disko honetarako hautatutako gaietako batzuk. «Gaiak aukeratzeko, diskoa grabatu aurretik elkartu egin ginen, eta hitz egin genuen zertaz ari gintezkeen. Imanolek ideia batzuk hartu eta kantak sortu zituen».

Abestiak «potoloagoak» iruditzen zaizkio Mendietari. «Lehen abestiak kantatzeko eran melodikoagoa ziren, orain badaude gitarra doinu indartsuak dituzten abesti batzuk». Pop gehiago izan dezakeela ere badio. «Dena dela, badaude hardcore abestiak, rock abestiak eta reagge estilokoak ere. Betikoak».

Garate estudioetan grabatu dute Kaki Arkarazok ekoitzita, aurrekoak bezala. «Kaki Arkarazo da gu ezagutzen gaituena. Badaki noraino irits daitekeen abesti bakoitza. Deabruak Teilatuetanen soinua Kakirekin lortu dugu». Uztailean grabatu zuten eta abuztuan egin zituzten nahasketak.

Tolosako Bonberenea gaztetxeko zigiluarekin argitaratuko da da diskoa. «Ez genuen ezer planteatu, bertako jendeak komentatu zigun eta guretzako logikoena izan da».

Guztiarekin ondo pasatzea izan da taldearen asmoa. «Entseguetan oso ondo pasatu dugu, grabaketan oso ondo pasatu dugu, eta kontzertuetara ere oso ondo pasatzera goaz. Gurekin, entzuleek gozatzen badute, askoz hobeto. Zuzenean jotzeko irrikitan gaude». Oraingoz, diskoa kaleratuko dute eta hitzartuta duten kontzertua emango. Gerora begira, ez dute ezer aurreikusita.